Continuum-ak eta etenak euskararen dialektoetan Urtzi Reguero Ugarte urtzi.reguero@gmail.com 0. Aurkezpena Fonética Histórica Vasca argitaratu zenetik aurten 50 urte betetzen diren bezala, 30 urte dira Mitxelenaren beste lan garrantzitsu batek aurten bete dituen urteak, hots, 1981ean argitara emandako “Lengua común y dialectos vascos” lan bikainak alegia. Aipatutako Mitxelenaren lanak goitik behera astindu zituen euskararen dialektalizazioaz zeuden aurreiritzi guztiak, besteak beste, Lacombe eta Uhlenbecken proposamenei erantzun bat ematea izan baitzen lanaren helburua. Mitxelenaren lan honek ikusmolde berri bat ekarri zuen, alegia, euskararen dialektoak ez ziren uste bezain zaharrak, erdi aroaren ondoren sortu ziren. Gure lantxo honen helburua Mitxelenak finkatutako oinarrietatik abiatuta Euskara Batu Zaharra eta honen dialektalizazioa ulertzeko bide berrietatik ekarpen xume bat egitea da. Horretarako Mitxelenaren lanaren ekarria laburki azalduko dugu, ondoren dialektologia diakronikoan ohikoak diren zuhaitzen arazo eta kontu batzuk plazaratuko ditugu. Amaitzeko, azken ataletan Arabako euskararen izaeraz esan dena bildu eta gure ikuspuntua aurkeztuko dugu eta jarraian euskararen dialektoen (batzuen) artean continuum-a dagoela eta egon dela erakusten saiatuko gara.